Izan nahi dugun hori, lortu nahi dugun hori, behar dugun hori eskura ez daukagunean hasten gara amesten... beraz amestu dezagun elkarrekin...

2010-02-07

Txokolatea eta erosketak

Aspaldi ez nuen gaur bezalako arratsalderik izaten. Egun luzea gaurkoa, eta ez-ohiko indar batek eraman nau erosketak egitera, arropa erostera. Aspaldi ez zitzaidan gertatu baina bai, gertatzen da, indar berezi batek garamatza erosketa konpultsiboak egitera.

Bai konpultsiboak. Ez zaizkit merkealdi garaian dendak gustatzen, eta are gutxiago arropa dendak, tenperatura aldaketak, argiak eta musika jasangaitza gustatzen eta gutxiago, egun euritsu batean eta Urbilen; ez zaizkit merkatal-zentruak gustatzen.

Baina bat-batean han aurkitu dut nire burua. Denda batean sartu eta beste edozein egunetan erosten ausartuko ez nintzatekeen arropa erosi dut: gona motza, galtza estuak, bota deigarri-modernoak, barruko erropa sexia eta media ez beltz batzuk. Eta inongo konplexurik gabe. Zalantzarik gabe.

Eta etxera etorri eta arropa berri guztia jarri (niki zahar beltz polit batekin, ez izan gaizki pentsatuak! Berria izan ez arren badut kamiseta soinean) sofan eseri eta txokolatezko izozki tarrina eta kutxara handia hartu eta jan eta jan aritu naiz, beldurrik gabe. Litro erdi edo neramanean utzi dut.

Eta une horretantxe sentitu naiz lasai. Lasai eta ongi.

Nahi duenak esan dezala ez dela indar hori existitzen, inpultsiboak garela edo nahi duena. Baina ni ez naiz horrelakoa, baina gaur, benetan indar batek agindu dit.

2010-02-06

Eta neguan gaude...

Badira aste batzuk, aspaldiko partez, nahiko mugituak izaten ari direnak. Lana eta burua okupatuta edukitzeko nahikoa aitzakia. Eta orain datozenek ere itxura hori dute. Gauza asko egiteko, gauza berri asko, eta beldur eta min berberak...

Kuriosoa da nahiz eta gauza batzuk aldatu gauza txarrek berdinean -edo okerragoan- irauten duten. Zein ondo geundekeen gure "tarak" konponduko balira, zeinen bizitza desberdina eramango genukeen... akaso bizitza "normal" bat...

Eta egunen batean konponduko dira, hala akaso ez... Eta gure helburuak bete ahal izango ditugu. Gertuko mendietan gora, beldurrik gabe ibili... udaberriko eguzkiaz eta loreez gozatu...

Eta neguan gaude... oraindik...

Luzerako?

2010-02-05

Furgonetan bidaiatzeaz....

Beste kasualitate batengatik irratian bidaien inguruko kronika bat egitea egokitu zait, eta azken bidaia luzeaz hitz egingo dut: Galizia furgonetan.

Eta bidaiaz beraz baino furgonetan bidaiatzeaz hitz egin nahiko nuke... eta nondik hasi... Batzuetan filosofia bat da, besteentzat erosotasun eta askatasuna... eta niretzat esperientzia.

Furgonetan bidaiatu behar duzunean prestatzeak izugarrizko garrantzia du, lekua mugatua da eta furgoneta izango da zure etxea bidaiak irauten duen egun guztietan, denak sartu behar du eta tokia geratu behar da erosotasunerako... Eta hori esperientziak ematen dizu, gutxinaka ikasten da zer behar den eta zer ez, eta neurria hartzen duzunean zoragarria da.

Nahi duzun tokian egin dezakezu lo (beno, salbuespen eta isunak alde batera utzita) eta nahi duzun tokian esnatu.

Eta azken bidaiak izugarrizko iluntze eta egunsenti politak eman zizkigun. Hilabetez Galizia ezagutu nahi genuen eta asko-asko geratu zitzaigun, leku izugarri politak topatu eta egun asko horietan igaro genituelako. Baina inondik inora ez genuen egunik alperrik galdu...

Furgonetan, kartetan edo partxisean jolasten zauden uneak ere bereziak direlako.

2010-02-04

Mamuak, damuak eta amuak

Ez dut inoiz sinistu zortean baina hasi naiz pentsatzen benetan zorte on eta txarreko boladak egon badaudela.

Kasualitatez lortu nuen izugarri betetzen nauen lan bat eta hasi bezain pronto, beste kasualitate baten ondorioz pila bat betetzen nauen beste lan bat topatu nuen... eta gainera biak bateragarriak..... Ondoren Italiarako bidaia bat tokatu zitzaidan, eta hurrena motxila bat eta beste gauza txiki batzuk...

Kontua da honek guztiak zer pentsatua eman didala, eta zortean sinisten hasi naizela. Ez, ez dut zortea ematen duen lepokorik edo erosiko baina noiz arte irauten didan zorte onak bai begiratuko dudala...

Eta zorteak, edo zoriak eraman nau egun berean espero ez dituzun bi elkarrizketa horietako izatera; iraganera itzultzera bi elkarrizketa guztiz independienteren ondorioz, eta ez hori bakarrik, bi elkarrizketek garai berera eramatea. Benetan bitxia. Garai berdineko gauza desberdinak etorri zaizkit gogora... Eta zenbat gauza!

Zortea izango zen, eta ona izan dela pentsatu nahi dut. Zorte oneko garaia bukatzerik ez dudalako nahi behintzat, zorte txarrekoa oso oso luzea izan da eta ez litzateke justua izango...

Kontua da, oroitzapen horiek ondorio batetara eraman nautela: ez dugu oroituko duguna aukeratzen eta auskalo hemendik 5 urtera zer gogoratuko dugun baina normalean, denborarekin gauza onak gehiago gogoratzen dira... behintzat gaur, irribarre handi batekin noa ohera... amaitu dira iraganeko mamuak, damuak eta galdutako amuak...

Ezin dugu gogoratuko duguna aukeratu baina nola gogoratu aukeratu dezakegu. Bizitakoaz ikastea, ikasitakoa bizitzea aukera dezakegu.

Zorte on!