Izan nahi dugun hori, lortu nahi dugun hori, behar dugun hori eskura ez daukagunean hasten gara amesten... beraz amestu dezagun elkarrekin...

2009-11-17

Korapilatzen

Eta konturatzen naiz azken aldian ez dudala batere zaindu bloga... Ez bere osotasunean ez ataletan ere... Eta ez dudala hitz egin lehen buruan maiz izaten nituen gaiez... Osasunaz, osakidetzaz, terapia alternatiboez (medikuntza tradizionala izenak beraiek beharko lukete izan, baina hori beste baterako), energiez, ilargiaz...

Ezta gripeAz ere... eta hobe, ze esaten hastekotan asko dago esateko. Eta bihar beste soka bati helduko diot, beno heldu edo, soka horrek nonbaitera ote naraman ikusiko dut, beno ez, nik badakit, sendagileek ikusiko dute... eta sokak nahikoa tiratzen badu horren atzetik joango dira, eta entzun egingo didate azkenean... eta bestela, ea beste soka erdi ustelen bat topatzen duten...

Baina energia ona dut barruan orain, harmonia. Eta osasunaren bidean ez omen dago harmonia baina ezer hoberik...

Sokari heldu eta korapilo estu-estu bat egin gehiegi korapilatu ez dadin

Orijinaltasunaz...

Aurreko posteko erantzun batek nakar gai honen inguruan idaztera. Beti pentsatu izan dut orijinala izatea gehiegi baloratzen den zerbait dela... ez dakit nola azaldu, ez dela garrantzitsua. Nortasun kontua dela iruditzen zait. Nortasunak markatu behar duela janzkera, pentsamoldea, idazteko gaia edo elkarrizketa... Puri-purian dagoen gai batez hitz egiteak ez orijinal izatera bagaramatza, ba primeran! Ez dut orijinala izateko inongo asmorik.

Inguratzen nauenak eragiten dit, eta eragiten dudanaz pentsatzen dut, pentsatzen dudanarekin sentitu eta sentitzen dudanaz adierazi... eta inguratzen nauenak baldintzatzen nauenez ez naiz sekula orijinala izango. Ez dut sekula axola ez zaidan gai batez hitz egingo, beno, agian igogailuan bai... baina horretan ere ez naiz orijinala izango (eguraldia...) eta berdin zait.

Inguratzen nauenak kezkatzen ez nauen egunean izango naiz orijinala ziurrenik, baina egun horretan, egun horretan bertan hilik egongo naiz.

2009-11-13

Aldaketa garaia

Badira zenbait aste gai bat burutik kendu ezinik nabilela, eta hala jarraitzea espero dut. Dena, LABen Donostiako egoitzako atxiloketen ondorio. Bagenekien denok aldaketa bazetorrela, denok geunden zerbaiten esperoan, ilusioz. Eta denok beldurtzen gintuena gertatu zen, zetorrenaren beldurrez, aldaketa ekar zezaketenen aurka egitea erabaki zuen Espainiak, ilusioa itzaliko zigutelakoan.

Eta ez zuten lortu ez, alderantziz. Ilusio horri indarrez heltzea azkartu zuten. Herri baten erantzun izugarria ikusi zuten 3 egunen buruan. 3 egun nahikoa izan ziren bakoitzak bere arrazoiekin Donostiako kaleak hartzeko. Eta ilusio hori gehiago piztea lortu genuen, egun historikoa izango da niretzat eta beste askorentzat ziur.

Eta ilusio horren garra ez da ez erraz itzaliko, aldaketa garaia da eta ezin da ekidin, herria ilusioak hartu du, ilusioak indarra eman digu eta horrek kontzientzia ekarri digu. Aldaketaren kontzientzia.

Bakoitzak nahi duen neurrian, nahi duen arloan, kulturan, politikan, hezkuntzan, hizkuntzan, etxean, kalean, auzoan, herrian, hirian, tabernan, elkartean edo komunean; bakoitzak nahi duen neurrian kontzientzia hartu eta aldaketari indarra ematea ekarriko du honek. Hau ez dago gelditzerik, eta arlo guztiek dute garrantzia, helburua, herri indarra. Bidea... aldaketa.

Eta etiketa gaur, Giz-artea, eta ez Politikaz... zergatik? asmatu...